domingo, 25 de septiembre de 2016

IRAKASLEEI ELKARRIZKETAK!


Arratsalde  on!  bi aste hauetan zehar, hamar urte edo gehiagoko esperientzia duten lau irakasleri egindako elkarrizketak publikatuko ditugu. Irakasle bakoitza esparru eta adin tarte ezberdinekoa izango da. Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitatera iritsi arte. Burututako ikasketez eta lan esperientzia propioaz arituko gara, beraz, adi egun hauetan blogean egongo diren sarrera berriekin, ez  duzue aspertzeko denborarik izango!! 

Bitartean... 

TELEBISTA ORDUAK GORA ETA ESKOLAKO EMAITZAK BEHERA

Telebista aurrean ordu asko ematen dituzte haurrek. Horren eragina txarra izan daitekeela iradokitzen dute hainbat ikerketek. Artikulu honetan gaiaren inguruko hainbat datu eta iritzi azaltzen dira.

Ikerketa askok mahai gaineratu dutenez, telebista gehiegikeriak adimen geldotasuna sor dakieke gaztetxoei. Telebista familiakoa bihurtu da etxe askotan, otordu guztietan beste plater bat jarri behar izateraino. Eta txikienek ere gustuko dute, gehiegi askotan. Erabileraren arabera, izugarri ona izatetik izugarri kaltegarria izatera pasatu daiteke haurrentzat. Eta zuritik beltzera igarotzea ez da magia kontua.
Adituen esanean, telebista ikusten irakatsi egin behar zaie, bai orduetan eta baita moduan ere. Esaten dutenez, haurrek egunero bi ordu baino gehiago pasatzen badituzte telebista aurrean, beren ikasketak kaltetu egin daitezke. Telebista orduek gora egin ahala, notek behera egiten dute.
Telebista komunikabideen jaun eta jabe bihurtua da aspaldian eta frogatuta dago izugarrizko eragina daukala familiaren egituran, beste edozein berrikuntza teknologikok baino gehiago. Haurrek eta nerabeek ere dezente maite dute komunikabide hau, eta, ondorioz, pediatra asko hasi da ikusle gazteenengan dauzkan eraginak aztertzen, bai osasun arloan eta baita bestelakoetan ere.
Gai honen inguruan egindako ikerketa askok esaten dutenez, telebista ordu gehien ikusten dituzten ikasleak dira eskolan kaskarren ibiltzen direnak, betiere telebistaren aurrean igarotzen dituzten orduen arabera. Ordu asko pasatzen dituzten haurrek arazoak izan ohi dituzte ikasketa prozesuan, ikerketa askok mahai gainean jarri dutenez. Lan hauek azaltzen dutenez, telebistaren aurrean dagoen umeak irudiak eta soinuak jasotzen ditu inolako ahaleginik egin gabe. Adibidez, ipuin bat entzuten ari denean, pertsonaiak eta lekuak nolakoak diren pentsatu behar du, kontatzen diotenari forma, kolorea eta soinua eman behar dizkio. Eta hori oso ariketa onuragarria da. Aldiz, telebistak ez dio halako ahaleginik eskatzen eta gehiegikeriak adimen geldotasuna sor dakioke. Gainera, heldutzeko prozesua ere atzeratu dezake telebista gehiegi ikusteak, umearen abstrakzio ahalmenean hutsuneak sor baititzake. Gehiegikeriaz hitz egiten hasita, adituek muga desberdinak jartzen dituzte orduetan, betiere adinaren arabera eta ume bakoitza desberdina dela ahaztu gabe. Bi urte baino gutxiagoko haurrek, esaterako, telebista ikustea ez dela batere komeni nabarmendu dute, adin horietan umeak ikusten duen guztia imitatzen duelako.
Hiru urtetik zortzi urtera bitartean, asko jota eguneko ordubete ikus dezake gaztetxoak telebista, eta, hori bai, beti ondo aukeratutako saioak eta gurasoak alboan dituela. Hortik aurrera, eta nerabezaroa bitartean, bi ordutik gora ikustea «oso kaltegarria» izan daitekeela nabarmendu dute adituek.
Baina, zergatik irits daiteke komunikabide indartsuena arriskutsu izatera? Dudarik gabe, egungo telebistaren izaerak parte handia dauka horretan. Irudi bortitzak behin eta berriz ikusten dituen gaztetxoak jokaera oldarkorrak izateko joera izan dezake dagoeneko hiru urterekin. Ikerketa askok frogatu dutenez, telebistako bortizkeria latzak izugarrizko eragina dauka zenbait jokaeratan, izan ume edo izan heldu. Ameriketako Estatu Batuetako Columbiako Unibertsitateak azterketa bat egina du telebistaren eta bortizkeriaren gainean. Guztira 700 lagun aztertu zituen, sei urte zituztenetik 22 urte bete zituzten arte. Ateratako ondorioen arabera, 14 urterekin telebista egunero ordu bat baino gehiago ikusten zuten gazteen %5,7k jarrera oldarkorrak izan zituzten 16 eta 22 urte bitartean. Eta hiru ordu baino gehiago ikusten zutenen %28,8k izan zituen indarkeria jarrerak. Telebistan mota guztietako saioak ikusten zituzten gazteak ziren guztiak. Hau da, ez zituztela bakarrik saio bortitzak ikusten.
Hortaz, eta ikerketatik ondorioztatzen zenez, kontua ez da zer ikusten den, gakoa ez dago ikusten diren programa motetan, telebistaren aurrean igarotzen den ordu kopuruan baizik. Telebista gehiegi ikuste soila, nahiz eta ez izan saio bortitzak, arriskutsua izan daitekeela ondorioztatu zuten Columbian.
Bortizkeriak toki handi samarra dauka gaur egungo telebistan, baita publizitateak ere. Honen helburua kontsumitzeko nahia eta beharra sortzea izaki, etxeko txikienak biktima oso errazak dira publizitatearentzat, ikusten duten guztia sinesteko abildadea daukatelako. Harrigarria badirudi ere, umea kontsumitzen jaiotzen da eta bere lehenengo urteetan publizitate agentzientzako gozoki bat da, hortik txikienentzat hainbeste iragarki egotea. Askotan, bere adinarentzat desegokiak diren beharrak sortzen zaizkio, telebistan hau edo bestea ikusi duelako.
Telebistaren beste arriskuetako bat estereotipoak sortzeko daukan erraztasuna da. Gero eta gehiago, telebista homogeneoa bihurtzen ari da, mundu guztian berdintsua. Ondorioz, bultzatzen dituen baloreak, elkarbizitza ereduak, errealitate soziala eta edertasun kanonak, besteen artean, berdinak dira munduko bazter gehienetan. Ondorioz, umeak bere egin ditzake bere inguru sozialarekin kulturarekin edo maila ekonomikoarekin bat ez datozen ereduak, eta kontraesan horrek, bere inguruko errealitatea eta telebistan ikusten duena parez pare jartzen dituenak, ezinegona sor dakioke gaztetxoari.
Hasiera batean ikerketa askok esaten zutenez, mutilak neskak baino sentiberagoak dira telebistaren eragin txarrak direla-eta. Baina, ondorengo ikerketa batek agerian utzi du neskak zein mutilak berdin jasaten dituztela komunikabidearen eragin txarrak.
Izan neska edo mutil, benetan komeni dena zera da: telebista ordu erdi lehenago itzaltzea eta tarte horretan ipuin bat irakurtzea seme-alabei. Ziur egon luzera eskertuko dutela.


jueves, 15 de septiembre de 2016

ON EGIN :)




Kaixo, ongi etorri, Pixpiretak gara, haur hezkuntzako 1.mailako lau ikasle; Amaia. Aitziber, Irene eta Sara. Blog hontan haurrari eta hezkuntzari lotutako informazio anitza eskuragarri izango duzu. Gozatu guk gozatzen dugun beste!
Pixpiretatu zaitez eta arrikiiiiii...


"EZ DUZUE IKUSTEN HEZKUNTZA ETXE BAT BEZALA? BEHIN OINARRIAK ONDO JARRITA GUZTIA GORANTZ DOA"