sábado, 29 de octubre de 2016

INGELESEKO IRAKASLE BATI EGINDAKO ELKARRIZKETA

Hurrengo proiektu hau, gutxienez 10 urte daramatzan irakasle bati elkarrizketa bat egitean datza, helburu gisa irakaskuntza lanbidera hurbiltzea duena. 
Elkarrizketa hau egiteko irakasle aproposa aukeratu dudalakoan nago, Jon Ander Lasagabaster, nire ingeleseko irakaslea.  
“English Corner” akademian autonomo bezala lan egiten du, bertan duela bost urte hasi nintzen eta geroztik urtero bere klaseetara joaten naiz. 
Ez zitzaion erraza suertatu Eskoriatzan ingeles akademia propioa zabaltzea.Aldez aurretik beste hainbat lanetan aritu behar izan zuen  ikasten zebilen bitartean. 
Firs eta Advance ingeles tituluak izateaz gain, Ingeles filologia ikasi zuen Gasteizen EHUn.Gradua egiten ari zela, hainbat umeei ingeleseko klase partikularrak ematen zizkien, are gehiago “Mondragon Linguan” lanean egon zen.Aipatzekoa da,hasiera batean ikasketak eta lana batera eramatea zaila iruditu zitzaiola. 
Gradua amaitzerakoan Ingalaterrara joan zen. Bertan lehendabizi itsasgarri fabrika batean lan egin zuen,ondoren garbiketa lanetan eta amaitzeko Tarot publizitatebanatzaile gisa.Guzti hau akademia zabaltzeko behar zuen dirua lortzeko. 
Ingalaterran denboraldi bat eman ondoren, Euskal Herrira itzuli eta berriz ere “Mondragon Linguan” lan egin zuen. 
Azkenik, beharrezko dirua biltzean, 2009ko urrian “English Corner” zabaldu zuen. Hortaz, esan daiteke esfortzu handi baten fruitu dela akademia. 
Jon Anderrek betidanik irakasle izateko motibazioa izan du, bereziki Ingelesekoa.Gure herrian egunerokotasunean erabiltzen ez den hizkuntza denez arreta deitu zion 12 urte zituela, geroztik argi zeukan ingelesa ikasi nahi zuela eta egun hizkuntza hori bere bizitzaren parte bihurtu da.  
Irakasle honek dioenez, egin zuen gradua ez zegoen oso bideratua irakaskuntza arlora, bere iritziz itzulpengintzarako gehiago prestatzen zituzten. 
Gradua amaitu eta CAP ikastea erabaki zuen,modu honetan praktikak egin eta bere burua jada prest ikusten zuen klaseak emateko. 
Lanari dagokionez,  irakasle lanetan hasi aurretik eta orain dituen itxaropenak berdinak direla esan daiteke, bere ametsa betidanik akademia zabaltzea izan baita eta gaur egun negozio hori aurrera eramatea lortu du. 
2  
Irakaskuntza arloan hainbat aldaketa nabari ditu lanean hasi zenetik egun arte, esate baterako, laneko lehen urteetan liburu batekin soilik baliatzen zen klaseak emateko, baina urteak pasatu ahala metodoa aldatzen joan da, egia da klase bakoitzeko liburu ezberdin batez baliatzen dela baina jokuak, speaking, listening… egiten ditu klaseak eramangarriagoak izateko, beti ere taldearen arabera.  
26 talde ditu guztira, bakoitza 8 kidez osatua. 5-56 urte bitarteko ikasleak ditu, aniztasun hau gogoko duela dio nahiz gazte nahiz helduengandik ikasten baitu. 
Ikasleen gurasoekin izandako harremanei buruz hitz egiterakoan, aipatzekoa da  “Mondrago Linguan” gurasoekin askotan bilerak izaten zituela, aldiz “English Corneren” bilerak beharrezkoa ikusten duenean egiten ditu, adibidez ikasle batekin arazoak baditu.Orokorrean ez ditu arazorik izaten baina goian aipatu dudan moduan adin ezberdinetako ikasleak ditu eta hurrengo hau azpimarratzen du “Ikasle bihurrienak LH6 eta DBH4koak dira” . 
Gaur egungo hezkuntza duela urte batzuetakoarekin alderatuz, Jon Anderrek lehen irakasle lanpostua baloratuagoa zegoela eta prestigiozko lanbidea kontsideratzen zela dio. Orain, mediku zein ingeniariak gehiago kontuan hartzen dira. Bere ustez, irakasleek ere garrantzi handia dute, ingeniariek eta medikuek duten moduan. 
Irakasleek paper garrantzitsua betetzen dute ikasleen bizitzan, euren heziketa nahiz izaera bideratzen baitituzte.  
LOMCEri buruz galdetzean, auzi horri buruz asko ez zekiela erantzun zidan.Baina politika eta hezkuntzaren loturari dagokionez,  politikariek boterera iristean erreformak egin nahi dituzten lehen eremua hezkuntzarena dela esan zidan,zentzu handi batean hezkuntzak gizartea baldintzatzen baitu.Are gehiago, politikarien idealak hezkuntzan islatzen dira eta hurrengo esaldi honekin baieztatu zidan “ nolako gobernua halako hezkuntza”.Adibidez,  LOMCEren kasuan, ikasleriarengan erlijioa gehiago sustatzea du helburu filosofia alde batera utziz. 
Etorkizunean, irakaskuntzaren eremua hobetzea nahiko luke baina objektiboak izanik ez du uste horrela izango denik, hezkuntza eremuan gobernuak oso gutxi inbertitzen baitu. 
Hainbat herrialdeetako hezkuntza sistemak ezagutzeko aukera izan du irakasle honek, adibidez, Finlandiako eta Ingalaterrako hezkuntza sistemak, hala ere alde gehiago ikusten du Espainia eta Finlandiako sistemen artean. 
Finlandiako metodoari dagokionez, hurrengo ezaugarri hauek nabarmentzen ditu:  eskoletako klaseetan semaforo itxurako tresna bat dute, semaforo honek klasean dagoen zarata neurtzen du, zarata gehiegizkoa bada semaforoa  gorriz jarriko da, egokia bada aldiz, berdea. Klase giro aproposa lortzea da tresna honen erabilpenaren helburua. 
Nabarmentzekoa da gurasoek euren semeen eskolekin duten gertutasun harremana.  
3  
Honetaz gain, gobernuak inbertsio handiak egiten ditu hezkuntzan, merezi duen garrantzia emanez.Azken finean haurrak etorkizuna dira eta prestakuntza egokia izan behar dute. 
Etorkizunari begira, Lasagabasterren  kezka nagusia zera da, ikasle kopuru nahikoa izatea gastu guztiak bete ahal izateko (lokalaren alokairua,autonomo gisa izateagatik ordaindu beharrekoa, klaseko materiala…) modu honetan akademiarekin jarraitzeko aukera izanik. 
Gaztea zela, erronka moduan bere akademia propioa zabaltzea zuen.Behin amets hura beteta duela, gaur egun negozioarekin jarraitzea da beti ere zerbitzu on bat eskainiz.   
Amaitzeko, esan beharra daukat, Jon Anderri elkarrizketa egitea plazer bat izan dela. Ez hori bakarrik, horrelako hurbiltasuna eta profesionaltasuna duen irakasle bat edukitzea atsegina da. Proiektu honi esker irakaskuntza eremura gerturatzea lortu dut lanbide honi buruz asko ikasiz. 

Aitziber. C






miércoles, 26 de octubre de 2016

Hoy empieza todo filmako hausnarketa

GAUR HASTEN DA DENA:(hausnarketa)

                Zergatik izan nahi genuen irakasle, galdetu zigun  irakasle batek haur hezkuntzako lehenengo egunean. Momentu horretan jakin nuen, nire egun hartako erantzuna landu gabeko buztin zati bat besterik ez zela; eta arrazoi nuen.
                Ikusi berri dugun pelikulan, munduko errealitatearen alderdi gordin bat erakusteaz gain irakaskuntzaren alderik zailena eta mingarrena azaleratzen dela uste dut. Xakeko partida bateko azken jokaldietakoa bezalakoa; piezak urriak direlarik, pieza berriak lortzeko bideak  luzeak bezain oztopoz beteak eta xakeak behin eta berriz eta jokaldi batetik bestera errepikatzen zaizkizunetan bezala.
                Hasteko familiari buruz pentsarazi dit pelikulak, ikustaraziz inpotentziak, porrotez betetako barne eta kanpo borrokak edo behin eta berriz erortzeak dakarren nekeak nola baliogabetu dezakeen pertsona. Baliogabetze hori, ez da hutsa, ez da norabide bakarrekoa, familiari eta bereziki bertako kide txikienei eragiten die gehien bat.
Bertatik beste puntara joan dira nire ideiak, gobernura hain zuzen;  nola da posible, jatera ematen diegun haiek izatea guri gosez hiltzen uzten gaituztenak. Nola litzateke pertsonaren botereak, pertsona bere osotasunean baliogabetzera eramatea eta horren ordez materiala eta prestigioa besterik ez den horri garrantzia ematea? Eta hori gutxi balitz pertsonan sinesten duten bertako langileei eskuak lotuta uztea?
                Bi ertzen artean beti dago erdigune bat, kasu askotan honetan bezala eskola hain zuen ere. Ez dira egoera errazak, baina pelikulan ikusi dudana zera da, tresna egokiak erabiliz gero, aukerak daudela.  Komunikazioa adibidez, mezulari errazak daudelarik, dena errazagoa da. Baina zer egin hau ez denean horrela? Behaketaren garrantzia jaso dut film honetan, eta konturatu naiz hitzez adierazten ez den guzti horrek askotan hitzekin esandakoak baino informazio gehiago daukala. Baina informazioari dagokionez ezin dugu haurrarengandik jasotakoarekin bakarrik gelditu, edozein motatako anomaliaren bat detektatuz gero, bere familiarekin elkar lanean aritzea edo saiatzea ezinbestekoa da; eta premiazkoa ikusten badugu, gizarte zerbitzuekin, izan ere, denetarik dago mundu horretan, baina bere lanean sinetsi eta  haurraren beharrak asetzeko lanean iharduten pertsonak daude bertan, eta kasu askotan guk baino esku hartze handiagoa daukate.
                Hezitzailearen pedagogia eta lan moldeak ere pisu handia dauka, horrelako egoeretan garrantzitsuena behar nagusiak asetzea direla ikusi dut. Bizi iraupena, haurraren ongi izate fisiologiko, fisiko eta emozionala. Haurra osasuntsu ez badago hutsa baita matematikak edo dena delakoa erakusten saiatzea.
                Argi dagoena zera da, familia dela edo izan beharko lukeela haurraren oinarri edo euskarri, baina hala ez denean irakaslearen papera ezinbestekoa dela. Horretarako lanean sinesten duten eta aurre iritzirik ez duten irakasleak behar dira, ikasle bakoitzaren beharrak detektatzen saiatu eta asetzen ahalegintzen direnak hain zuzen.
Askotan ez da erreza, eta saiatuta ere emaitzak beti ez dira espero duguna, baina egiten dugunean sinesten badugu esperantza galdua zuten etxe batzuetan argia jartzeko kapazak izan gaitezke; eta haurrei, purutasunaren pertsonalizazioari arnasa eman, beharrak ase, bizitza emateko kapazak.
                Teoria ederra da, baina pelikulan ikusi dugun bezala, pertsonak nahiz eta bere ekintzetan ontasuna bakarrik gorde, askotan mugatua dago, zer egin orduan? Borrokatu, nire uste apalean galdutzat ematen den hori baita galtzen den borroka.
                Badakit nire buztinari forma eta espresio asko falta zaizkiola, baina horrelakoak ikusi ondotik, geroz eta argiago dut bokaziozkoa dudala irakaskuntza, eta Freirek esaten duen bezala; haurrak ez dira etorkizuna baina bai etorkizunaren eraikitzaileak, eta nik nire baliabideen bitartez nire alea jarri nahi dut, etorkizun hobe batean sinesten baitut.

Amaia Elizagoien Varela.

Bibliografia:

F. Bourboulon. (Little Bear) B.Tavernier (1999) Hoy empieza todo  Francia.


Hausnarketa beharrezkoa dela uste duzue? espero dut baietz... kantu honek nahikoa hausnartzeko ematen duela uste dut, ea zer iruditzen zaizuen! Gozatu

Honako webgune honetatik berreskuratua: https://www.youtube.com/watch?v=keXdgoS-UPc

Arratxalde on! Hementxe uzten datzuet bideo ipuintxo bat, Xirrikituen jostunek (ipuin kontalariek) eginikoa! Zuen gustokoa izango  delakoan....

Honako webgune honetatik berreskuratua: https://www.youtube.com/watch?v=QKmvwSHi4as

L.H ko IRAKASLEARI ELKARRIZKETA

Maria Luisa Manzisidor 48 urteko zumaiarrak, egoizterriaz aparte, badu neurekin zerbait aman komunean, hain zuzen ere, berak ere magisteritza ikasketak burutu baitzituen duela 29 urte. 

Hala eta guztiz ere, Maria Luisa arraz lehenagotik ere hasia zen bere bidea haur munduarekin konpartitzen eta bertan muturrak sartzen, bai begirale gisa bai udaran bi haur zainduz. Betidanik gustatu izan zaizkio haurrak eta beraiekin denbora igarotzea, konpartitutako une bakoitzean berak zerbait irakasteaz gain beroiengandik asko ikasten baitzuen eta uneoroko elkar ekintza horrek ikaragarri betetzen zioela ohartu zen.

Hala, lanbidea aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean argi zuen etorkizunean bere burua irakasle lanetan murgildua ikusi nahi zuela, medikuntza ikasteak  ere beti zirikatu zioen arren. Bere bokazioari zuzentzen utzi eta egun jada bere bizitzako 23 urte daramatza Maria eta Joseko ikastetxean  irakasle.

Hori aintzat hartuz, Marialuik bere ogibidea bokazioz eta bihotzez bete beharreko beharra dela azpimarratzen du eta hura ikasten ari den inork irakaskuntzarekiko bokaziorik ez duela nabarituz gero, ikasketak bertan bera utzi eta etorkizuna beste zerbaitera bideratu beharko lukeela aholkatuz.  Izan ere, pertsonekin egiten da lan eta hori deierazko egin behar da, lanbide horretan nor beraren %100 eman behar baita egun nahiz momentu oro. 

Lehenago aipatu bezala, ogibide honek guztiz asetzen du Maria Luisa, haurrekin egiten dituen edozein jardueretan berak ematen dienaren bikoitza edo hirukoitza jasotzen baitu. Ikastetxearen barneko gauzez gain, pertsona bezala hamaika alderditan sekulako aberastasuna izan duela ohartu da, hala nola, alderdi afektiboari dagokionez. Hots, bere adin antzekoa duten gainontzeko jendearekin konparatuz, afektibitatea garatu edo landuagoa duela konturatu da eta hau bere haur (ikasle) izandako guztiei zor die osotasunean. Ez daki azaltzen ongi zergatik eta zeintzuk diren horretan eragiten duten faktoreak baina behin haurtzaroa atzean utzi eta nerabezaroan murgilduz doazen heinean muxu besarkada eta bestearekiko hitz politak urrituz eta latzean behin zabaltzen duten kaxa baten gordeko balituzte bezalaxe gertatzen da.

 Honen aurrean, ikasgelan, afektibotasunak gure egunerokotasunean, bizitzan duen garrantzia ikaragarriaren mezua igortzen saiatzen da, makina bat balore gehiagoren antzera, noski.

Alabaina, beste edozein ogibide edo egitekoren antzera irakasle izateak ere badu horren xamurrak ez diren aldeak. Hala, berak gelan edukitzea tokatu izan zaion zenbait haurren kasu berezitan jarri du begia, baina ez alde negatiboan, hau da, gainontzeko ikasleen erritmoa oztopatuko duelakoan edo, baizik eta haur horrek behar dituen baldintzak egoki bete eta era egokian zuzentzeko gai izango ote den ez jakitean.

Gainera, berak dionez, halako kasu gehienetan espezialisten jarraipena izan ohi dute, hala ere, beroiekin biltzen direnetan irakaslearengandik informazioa jasotzen dute baina haur horrekin nola jokatu edo bere garapen pertsonalean zer nola lagundu dezaketen eta antzerako aholkurik ez dute eskuratzen, askotan norberaren eskutan utziz egiteko guztia.

Gai honen ariari helduz, bere eskutan dagoen guztia egiten dabil hezkuntza inklusiboa sustatzeko leia honetan. Hain zuzen ere, guztiontzat den kalitatezko eskola edo hezkuntzari deritzo eskola inklusiboa, hots, inolako bazterketarik egiten ez duena. Bertan ikasle guztiak beharrezkoak dira, bakoitzaren desberdintasunak irakaskuntza prozesua aberasten dutela azpimarratuz.

Horrez gain, egungo hezkuntza sisteman betetzeko hutsune asko daudela usten du eta aldaketa ugari behar dituela egoki, beharko lukeen bezala, funtzionatu dezan. Baina gobernuek ez dute hezkuntzarekiko apustu serioa egiten, etorkizunaren nahiz gizartearen giltza  nahiz oinarri den arren.  Epe luzerako hezkuntza legea egin eta aldaketarik gabe iraun beharko luke 10-15 urte inguru zehar martxan, eta ez ordea gobernuen koloreen arabera urte gutxi oro aldatuz.

Bestalde, ikastetxe guztiek baliabide egokiz hornitu beharko liratekeela ezinbestekotzat jotzen du, ez baitu inolako baliagarritasunik gero eta ikasketa prozesu pertsonalizatuagoak egitea baliabideak ( pertsonalak batez ere)  ur geldotan darraien bitartean.

Aurreko guztia esan da, azken gauza bat aipatu nahiko nuke amaitu baino lehen, alegia, badirudi egun denek dakitela irakaskuntzari buruz; gurasoek, politikoek … Irakasleak berriz horretan adituak izanik, gauza asko ez dakizkite oraindik eta urtero formatzen jarraitzen dute, Maria Luisaren kasuan bezalaxe; 23 urte lanean daramatzan arren ikasten jarraitzen baitu, hobetzeko bidean. Eta are gehiago, ez zaio bururatzen mediku, kale garbitzaile, elektratresnak egiten dituen langileari, e.a. bere lana nola burutu behar duen esatea.   


Beraz , amaitzeko oroi ezazu honako hau: hezkuntza etorkizunaren giltza da eta ondo erabiliz gero nahi adina ate ireki ditzake.  

martes, 25 de octubre de 2016

ADIMEN EMOZIONALA.MODAN DAGOEN ZERBAIT AHAL DA?

Askotan entzun izan dugu Adimen Emozionala modan dagoen zerbait dela, oraingo psikologoen kontua baino ez dela.
Aldez aurretik argi utzi nahi dugu gai honi buruz ikerketa sakon eta serioak egin direla, bai heziketa mailan, bai medikuntzan bai neurologia mailan, bai neurozientzia mailan eta, noski, zer esanik ez psikologia mailan. Asko eta ondo ikertzen ari den gaia da Adimen Emozionalarena. 
Norbere emozioez jabetzea da, horiek identifikatzea eta ulertzea; baita besteenez jabetu eta haiek identifikatzea ere.
Gure bizitza eta lana helmuga pertsonaletan (ametsak) oinarritzea da, nork bere burua motibatzea eta besteekin harreman emankorrak izatean datza (elkarbizitza).
Duela urte batzuk arte, pertsonaren adimenaz hitz egin denean, adimen kozienteaz hitz egin denean, bi adimen mota hartu izan dira kontuan: hizkuntzarako adimena eta logika-matematikarako adimena. Beraz, orain gutxi arte, bi adimen mota horiek baino ez dira kontuan izan pertsonaren “inteligentzia” baloratzeko.
Gaur egun, ordea, azken teoria eta ikerketa guztiak kontutan izanda, Howard Gadner-en ”Adimen Anitzen Teoria” batik bat, argi gelditu da pertsonak ez duela adimen mota bat bakarrik. Ikerketek frogatu dutenez, pertsonak beste adimen mota batzuk ere izan ditzake eta bere bizitzan zehar arrakasta izateko pertsonak trebetasun edo-eta adimen desberdin horiek behar-beharrezkoak ditu.
Adimen edo inteligentziaren inguruko kontzepzio edo ikuskera aldeka horrek sekulako eragina izan du hezkuntza mailan. Ikuskera desberdin horren arabera, jada edozeinek onartzen du hainbat arlotan zailtasunak dituen ikasle bat beste arlo batzuetan trebea izan daitekeela eta, beraz, eskolak trebetasun edo gainerako adimen mota horiek antzeman eta horiek garatzen lagundu beharko liokeela ikasleari.
Zeregin hori, baina, ez da batere samurra! Izan ere, horretarako, orain arte baliatu ditugun lan-prozedurak, estrategia metodologikoak… alde batera utzi beharko genituzke eta berri batzuen bila hasi.
Resultado de imagen de adimen emozionala
Are gehiago, adimen emozionalari esker, norbere emozioen ezagutza hobea lortu daiteke,besteen emozioak identifikatu, norbere emozioak erregulatzeko gaitasuna garatu, emozio negatiboen ondorio kaltegarriei aurre hartu,emozio positiboak sorrarazteko gaitasuna garatu,norbere burua motibatzeko gaitasuna garatu,bizitzan jarrera baikorra izan, osasunez nahiz emozionalki gehiago zaindu, gure buruarekin ondo sentitzen: norbere ongizatea hobetu,besteekin elkarbizitzen eta harreman emankorragoak egin,bizi dugun guztia ikasgai bihurtu, ilusioa eta itxaropena sorraraziko dizkiguten helmugak izan...
Bestalde,  gure etorkizuneko ikasleengan adimen emozionalaklagun deizaieke: dituzten pentsamenduen, emozioen eta jokabideen ardura har dezaten, dituzten emozio oldarkorrak erregulatzen (indarkeria), pentsaera autokritikoa eta kritikoa garatzen, bere buruarenganako autoestimua gara dezaten, bere buruaren jabe izan daitezen, besteekin harreman onuragarriak eraikitzen, drogei eta beste atxikimendu eta menpekotasun arriskuei ezetz esaten, benetan zoriontsuak izaten.
Azalpen hau emanda, hona hemen interesgarria iruditu zaigun bideotxo bat, bertan irakasle batek bere ikasleei adimen emozionala lantzeko erabiltzen dituen dinamika ezberdinak azaltzen dira. 

Gure ikasleekin geletan Adimen Emozionala landu nahi badugu, lehen-lehenik, irakasleak berak bere baitan lantzea eskatzen du. Familiaren formazioa ere ezinbestekoa da, familiak eta eskolak ere bat eginda, eskutik helduta, joan behar dugu. Gurasoak ere Adimen Emozionalean formatuko balira, bazter guztietan nabarituko litzateke zerbait aldatzen ari dela. Gure jendartea gero eta osasuntsuagoa izango litzateke arlo guztietan.


BIBLIOGRAFIA:

Arretxe. I( 2015) Adimen emozionala Hirukiden. Honako webgune honetatik berreskuratua: https://www.youtube.com/watch?v=pqOueyqAl7o


TTiKLiK. (2012) Adimen emozionala. Zer da? Zergaitik landu behar dugu? Honako webgune honetati berreskuratua:
http://www.ttiklik.com/eu/blog/2012/02/29/adimen-emozionala-zer-da-zergatik-landu-behar-dugu/

lunes, 24 de octubre de 2016

Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa





EDONORI GERTATZEN AHAL ZAIO, BAINA HALAKO BATEAN GORDELEKUTIK IRTEN ETA HARA ZER EGIN ZION BURUAN NORBAITEK SATORTXOARI...












Werner Holzwarth idazle alemaniarren ipuina da "Buruko hura nork ein zion jakin nahi zuen satortxoa",  Koldo Izagirren eskutik
euskaratua.

HEZIKETA ZIKLOKO IRAKASLE BATI ELKARRIZKETA



 Alfonso del Campo Serrano (Bilbo,1958) heziketa zikloko irakaslea da EPA El Carmen eskolan Gasteizen. Zortzi urte daramatza bertan, eta gustora eta gauza berriak egiteko gogoz dagoela kontatu dit. Bere ibilbidearen hasieratik hasiko gara, unibertsitatean hasteko zegoela ez zeukan zer ikasi nahi zuen idearik, eta bere anaia zaharrenak  magisteritza ikastera bultzatu zuen, gaur  ez da erabaki hartaz batere damutzen. Gasteizen ikasi zuen, gasteleraz, eta aldi berean bizkaitar batek euskara eskolak ematen zizkiela oroitzen du. Ikasketak bukatu bezain laster, euskara eskolak ematen hasi zen Oñatiko eskola publikoan, garai hartan hezkuntza guztiz erdalduna zenean. Bertan hiru hilabete eman ondoren, soldaduzkara joan behar izan zuen eta hezkuntzatik guztiz aldendu zen. Urte askotan zehar familia bat osatzeaz gain autonomo lanetan ibili zen Aramaio bizi den herrian, baina lan istripu bat dela medio, bizitza aldatu eta hezkuntzara bueltatzea bururatu zitzaion. Pentsatu eta egin, eta hamabi urte daramatza azken urteontan ofizioan.

Gaur egun EPA El Carmenen hamar urte daramatzan arren, DBH-ko 1 eta 2. mailan eta Lehen Hezkuntzan ordezkapenak eginaz hasi zen. Betidanik izan da erronka zalea eta hau da ikastetxe honetan jarraitzeko arrazoietako bat, izan ere, bertako ikasleek arazo ezberdinak dituzte, batzuk hizkuntza eta kultura ezagutzen ez duten etorkinak dira, beste batzuk etxean arazoak dituztenak, baina orokorrean beste eskola batzuetan arazoak izan dituztenak eta ikasteko gogoak guztiz galdu dituztenak. Ikasleen garapen positiboa emateko, elkarlanean jokatzen dute ikasle eta gurasoek, une oro daude konaktuan eta beti gazteak laguntzea helburu.

Eskolak emateko bere estiloak eboluzio bat izan du. Hasieran tradizionala zen, magistrala, baina gaur egun proiektuen sistema erabiltzen du. Historiako momentu jakin bateko gai bat aukeratu, eta tailerrean maketa bat egiten dute gaiarekin lotuta. Maketa hau egiteko, klasean lantzen dituzte edukiak. Are gehiago, talde elkar eragile txikietan  antolatzen dira. Modu honetan, ikasleen interesa lortzen du eta hauek motibatuta sentitzen direla ohartu da. Normala denez, arazoak izaten ditu batzuetan, eta norbaitek interesa galtzen duela ohartzen bada, guztiari buelta eman eta bide berriak bilatzen ditu. Proiektuen kontuarekin amaietzeko, dokumentalak eta gaian adiatua den zientzialari ezberdinen hitzaldiak txertatzen saiatzen da ahal duen einean.

Gaur egungo hezkuntzan dauden gabeziez hitz egin dugu, eta kritikoa izan da gobernuak proposatzen duen ebaluazio sistemarekin. Konpetibitatea promozionatzen duela ikusten du, eta era honetan ikasleak sailkatzeaz gain eskola porrota ematen dela ohartu da. Azterketak ebaluatzeko bide bakarra izan gabe, nahiagoko luke pertsonen lan egiteko gogoa eta aurrerapena saritzea, eta ahal duen neurrian egiten du. Ikasle batzuei gai ez direla sinetsarazi diete baina berak irakasle moduan, bakoitzaren ingurunea aztertu eta gauza asko egiteko gai direla ohartarazi daitezen dihardu.

Amaitzeko lanbidean berria den norbaiti emango lizkiokeen gomendioez galdetu diot eta ia berak nola definituko lukeen irakasle baten funtzioa, zera erantzun dit: Lehenik eta behin animatzeko eta ilusioz hartzeko. Argi izateko hau ez dela lanbide erraz bat eta errespontsabilitate eta ardura handia eskatzen duen lana dela. Lanbide neketsua dela azpimarratuko luke, baina fruituak ikusteak dakarren satisfakzioa ere oso handia izaten dela. Satisfakzio hau demostratzeko anekdota bat kontatu dit. Lehen esan bezala, interesa galdua duten ikasle askorekin lan egin du, oso nagiak askotan baina espero ez zuen norbaitengandik zera jaso zuen; behin Gasteizko zentro komertzial batean zegoela, bere ikasle ohi bat ikusi zuen bere aitarekin muntaia elektriko bat egiten, eta Alfonsoren motibazio eta konfiantzagatik El Carmenen ikasitako elektrizitate graduaz baliatuz langilea izatea lortu zuela eskertu zion.
Irakasle funtzioari dagokionez , irakaslea hezitzailea izan behar dela esaten du, gurasoekin elkarlanean askeak eta munduarekiko kritikoak diren pertsonak lortzeko.

“IRAKASKUNTZA MUNDUKO LANBIDERIK POLITENA DA” (Alfonso).






jueves, 20 de octubre de 2016

HAURREN OBESITATEA

Bada garaia ume potxoloa ongi elikatutako umea dela dioen mito zaharra baztertzeko. Esperientziak ondotxo erakusten digu kasurik gehienetan ez dela egia, eta areago esango nuke, zenbait kasutan ume potoloak akats edo hutsuneak ere eduki ditzakeela nutrizioaren ikuspegitik. Bestalde, obesitatea gaitzak arrisku ugari ekar ditzake umeetan, pertsona helduetan bezalaxe.

Umeak zer ikusi, huraxe ikasi dio euskal esaera zahar batek. Eta elikaduran asko daukagu helduak, eta guraso baldin bagara gehiago oraindik, umeei erakusteko. Haurtzaroan sendotu eta osatzen baitira nutrizioko ohitura edo azturak, jateko modua alegia. Bizitzaren aro horretan umeak eduki energetiko altuko janari asko jaten badu, adibidez, handituz doan heinean ere horrelakoak kontsumitzen jarraituko du eta pisu-gehiegikeria mantendu, edo are gehitu, egingo da.

Azken urteotan, ume edo haur obesoen kopurua modu ikusgarrian igo da. 
Hau esanda, galdera bat bururatzen zaigu berehala: gure seme-alabei transmititzen ari garen elikadura eta nutrizioaren inguruko hezkuntza eta "kultura" egokia ote da? Jaume Serra, nutrizioan espezialista den medikuak dioenez, "helduek geure akats nutrizional propioak proiektatzen ditugu gure seme-alabengan, eta beren irizpideak osatzeko gero eta informazio gehiago daukaten arren haur eta gazteek, berorien elikaduraren azken erantzuleak gurasoak jarraitzen dugu izaten oraindik ere". Kontuan hartu behar da gainera, umeek beren gurasoei eta pertsona helduei egiten ikusitakoa kopiatzen bukatuko dutela normalean.

Resultado de imagen de obesidad infantil

Gaur egun umeek eduki kaloriko handia duten produktu eta janari ugari dauzkate eskueran. 
  • Eskolatik ateratzean sarritan ikusiko ditugu era guztietako opil edo bolloekin, koipe eta gantzetan aberatsak diren jakiak, ogia eta hestebeteren batekin egindako ogitartekoa jan ordez.
  • Baina elikaduraz gain, badira beste faktore batzuk ere, umeetan obesitatea ekardezaketenak. Hauetako bat egiten duten JARDUERA EDO ARIKETA FISIKO ESKASA da. Gaur egun bideojokoak direla, ordenadoreko jolasak edo telebista direla, garai batean zuzenean egiten zituzten jolasak sofatik altxa gabe "bizitzeko" aukera daukate. Sedentarismoan erortzeko arriskua ez da inola ere ahaztu behar. Azken orduko ikerketa batek frogatzen duenez umeek kaloria gutxiago gastatzen dituzte telebistako programa bat ikusten lotan daudenean baino. Eta horri gehitu behar zaio ume batzuk era guztietako litxarreriak jaten dituztela pantailaren aurrean dauden bitartean.
Ikusi dugu zergatik bihurtzen den ume bat obeso. Eta zer nolako ondorioak eduki ditzake obesitateak umearentzat? Ezer onik ez, obesitateak alderdi txar eta negatibo asko baitauzka umearen bizimoduarentzat.

Resultado de imagen de NIÑOS VIENDO LA TELE


Harrei obesitateak hainbat eragozpen sortzen dizkie, adibidez, heldua izatean obeso izateko aukera gehiago dituzte, gaixotasun jakin batzuk garatzeko arrisku handiagoa da, gainkarga arriskutsua, hazkunde anormala,  arazo psikologikoak...
Resultado de imagen de obesidad infantil
Ume obesoen kasuan tratamendua ez da farmakologikoa izaten, obesitatearekin batera beste patologiarik ez badago behintzat. Arazoaren konponbidea elikadurako eta bizitzako aztura egokiagoak eta osasuntsuagoak irakastea da, umeari bezala baita bere guraso eta zaintzaileei ere. 
"Obesitatea tratatzeko modurik onena" dio Bartzelonako Valle Hebón Ospitaleko Endokrinologia eta Pediatriako aditua den Antonio Carrascola doktoreak, "arazoari aurrea hartzea da, bizitzako lehenengo hilabeteetatik hasita. Ama konturatzen baldin bada, bere seme-alabaren pisua eta taila konprobatu ondoren, neurri estandarretatik desbideratzen hasi dela, orduan komeni da pediatrarekin kontsultatzea, honek elikadurako pauta eta irizpide egokiak eman diezazkion. Beti ere errazagoa eta azkarragoa baita kilo bateko gainpisua zuzentzea, hamar kilogramokoa baino."
BIBLIOGRAFIA:
Aguirre.J.( 1999ko ekainaren 1a). Haurren obesitatea.Zientzia.eus,  1.Honako webgune honetatik berreskuratua: http://zientzia.eus/artikuluak/haurren-obesitatea/





miércoles, 19 de octubre de 2016

“Nik ere irakasle izan nahi dut ama!”



– “Nik ere irakasle izan nahi dut ama!”

– Ongi pentsatu al duzu? Irakaslea gizartean gutxiesten den hori da maitea, ospe handiegirik ez duen ogibidea. Jendeak ez daki gizartean zabalduta dagoen irakaslearen irudiak, ez duela benetako irakaslea islatzen. Bazeneki zein zaila den irakasle izatea… Irakasleak liburuak ditu eskuan, azaldu eta erakutsi beharreko hori azaltzen duten liburuak, baina ez pentsa liburutik haratagoko gauzak erakutsi beharko ez dituenik, ikasgelako haurrak galderez osatutako jakin-minaren jabe baitira. Gainera, askotan testu-liburuetatik irten beharko du, izan ere, eguneroko bizitzak ematen dizkigun baliabideak bezalakorik ez dagoelako haurrei errealitatea erakusteko, haurrak benetako errealitateaz jabetzeko!
Honez gain, ezin dituzu ahaztu ikasgelak biltzen dituen haur guztiak, denak desberdinak izanik, eta batzuk agian zailtasunak dituztelarik. Irakasle on batek, guztiei esanguratsua izango zaien ariketak edo klaseak prestatu beharko ditu, inor ahaztu gabe. Ariketa hauen abiapuntua, aurretik bakoitzak dakien hori izango da, badakizu, haurrak ariketetan galduta sentitu ez daitezen. Ariketa hauek praktikan jartzerako orduan, haur guztiak motibatzea da irakaslearen helburua, guztiek ariketak gustura egin ditzaten. Honetarako, onena irakaslea ikasle guzti hauen “idolo” bihurtzea da, guztien gustuak batzen dituen idoloa, alegia. Hori bai, irakasleak ikasleen gidari izan behar du, ez agintari!
Bestalde, askotan gustukoago dituen edo gustuko ez dituen haurrak izango ditu irakasleak ikasgelan, baina honek ezin ditu haurrak etiketatu (hau jakintsua, hau ez…), irakaslearen aurre-suposatze hauek ikaslearen ikasketa prozesua erabat kaltetzen dutelako. Ulertu duzu maitea? haur guztiekin berdin ahalegindu beharko duzu, denei zure ehuneko ehuna eskainiz. Eta zer gertatzen da irakasleak egun ona ez duenean? bere irakasle izateko nahia hain handia izan behar du, non triste dagoenean ere, bere indar guztiak atera beharko dituen haur bakoitzari bere irri onena eskaintzeko.
Askotan, hezkuntza sistemak produktuak sortu nahi dituelakoan nago, eta ez pertsonak. Irakasle on batek ordea, haur bakoitzetik pertsona bat sortu beharko du, haur bakoitza gizarteratu beharko du, haurrak nahi duen era horretan, bere nortasuna eta berak izan nahi duen hori izaten lagunduz, bidean haur bakoitzari babesa emanez. Haur bakoitzetik, eguneroko bizitzari aurre egiteko pertsonak sortu beharko ditu irakasleak, bizirik daudenak, euren pentsamendua elkarbanatu nahi dutenak, parte hartuko dutenak, interesa dutenak, gaizki iruditzen zaiena kritikatuko dutenak… bizitza aktibo bat izango duten pertsonak.
Ulertzen ari zara maitea? Irakasle izatea ez da arbelean idatzi eta etxeko lanak bidaltzea soilik, irakasle izatea hezitzaile izatea da, hezitzaile batek hezi egin behar du, eta honetarako gogoa izan behar du. Irakasleak zaintzaile, min guztien sendagile, gurasoen lagun, haurren idolo, motibazio iturri, idazle, ipuin kontalari, antzezle, konfiantza igorle, eztabaiden konpontzaile, irrien sortzaile, irakasle, ikasleen babes, haurren gidari, inspirazio iturri, jakintsu, maitagarri, miresgarri, behatzaile, pentsalari, irudimenaren jabe… izan behar du. Laburbilduz, irakasleak irakasle izan behar du, egunero irakasle izateko gogoz altsatu behar du eta irakasle izateak bere bihotzean koloretako irri bat sortu behar du!

Azurmendi, J. "Nik ere irakasle izan nahi dut ama". Argia. Honako webgune honetatik berreskuratua: http://www.argia.eus/blogak/josune-azurmendi/2014/10/20/nik-ere-irakasle-izan-nahi-dut-ama/

lunes, 17 de octubre de 2016

ASTELEHEN SALE SALE TIBO TIBO TIBO!

1
Dantza egiteko jolasa da. Jokalari guztiek biribila osatuko clute, erdira begira jarrita. Abesti osoa abesten duten bitartean, mugimendu batzuk egin beharko dituzte:
  • ARISTI SALE SALE LE TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman abestiaren erritmoari jarraituz.
  • ARISTI SALE SALE LE TIBO TIBO TIBO: eskuinerantz pausoak eman abestiaren erritmoari jarraituz,
  • TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: eskuinerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: dauden tokian hiru salto eman.
2
Abestia zazpi aldiz errepikatuko da, baina kantuak aurrera egin ahala, geroz eta mugimendu zailagoak egin beharko dituzte:
  • bigarren aldia: eskuetatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  •     hirugarren aldia: gerritik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • laugarren aldia: sorbaldetatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • bostagarren aldia: belarrietatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • seigarren aldia: hanketatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • zazpigarren aldia: orkatiletatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.

pauso 1pauso 2
pauso 3pauso 4
pauso 5pauso 6

pauso 7pauso 8