Bada garaia ume potxoloa ongi elikatutako umea dela dioen mito zaharra baztertzeko. Esperientziak ondotxo erakusten digu kasurik gehienetan ez dela egia, eta areago esango nuke, zenbait kasutan ume potoloak akats edo hutsuneak ere eduki ditzakeela nutrizioaren ikuspegitik. Bestalde, obesitatea gaitzak arrisku ugari ekar ditzake umeetan, pertsona helduetan bezalaxe.
Umeak zer ikusi, huraxe ikasi dio euskal esaera zahar batek. Eta elikaduran asko daukagu helduak, eta guraso baldin bagara gehiago oraindik, umeei erakusteko. Haurtzaroan sendotu eta osatzen baitira nutrizioko ohitura edo azturak, jateko modua alegia. Bizitzaren aro horretan umeak eduki energetiko altuko janari asko jaten badu, adibidez, handituz doan heinean ere horrelakoak kontsumitzen jarraituko du eta pisu-gehiegikeria mantendu, edo are gehitu, egingo da.
Azken urteotan, ume edo haur obesoen kopurua modu ikusgarrian igo da.
Hau esanda, galdera bat bururatzen zaigu berehala: gure seme-alabei transmititzen ari garen elikadura eta nutrizioaren inguruko hezkuntza eta "kultura" egokia ote da? Jaume Serra, nutrizioan espezialista den medikuak dioenez, "helduek geure akats nutrizional propioak proiektatzen ditugu gure seme-alabengan, eta beren irizpideak osatzeko gero eta informazio gehiago daukaten arren haur eta gazteek, berorien elikaduraren azken erantzuleak gurasoak jarraitzen dugu izaten oraindik ere". Kontuan hartu behar da gainera, umeek beren gurasoei eta pertsona helduei egiten ikusitakoa kopiatzen bukatuko dutela normalean.
Gaur egun umeek eduki kaloriko handia duten produktu eta janari ugari dauzkate eskueran.
- Eskolatik ateratzean sarritan ikusiko ditugu era guztietako opil edo bolloekin, koipe eta gantzetan aberatsak diren jakiak, ogia eta hestebeteren batekin egindako ogitartekoa jan ordez.
- Baina elikaduraz gain, badira beste faktore batzuk ere, umeetan obesitatea ekardezaketenak. Hauetako bat egiten duten JARDUERA EDO ARIKETA FISIKO ESKASA da. Gaur egun bideojokoak direla, ordenadoreko jolasak edo telebista direla, garai batean zuzenean egiten zituzten jolasak sofatik altxa gabe "bizitzeko" aukera daukate. Sedentarismoan erortzeko arriskua ez da inola ere ahaztu behar. Azken orduko ikerketa batek frogatzen duenez umeek kaloria gutxiago gastatzen dituzte telebistako programa bat ikusten lotan daudenean baino. Eta horri gehitu behar zaio ume batzuk era guztietako litxarreriak jaten dituztela pantailaren aurrean dauden bitartean.
Ikusi dugu zergatik bihurtzen den ume bat obeso. Eta zer nolako ondorioak eduki ditzake obesitateak umearentzat? Ezer onik ez, obesitateak alderdi txar eta negatibo asko baitauzka umearen bizimoduarentzat.
Harrei obesitateak hainbat eragozpen sortzen dizkie, adibidez, heldua izatean obeso izateko aukera gehiago dituzte, gaixotasun jakin batzuk garatzeko arrisku handiagoa da, gainkarga arriskutsua, hazkunde anormala, arazo psikologikoak...
Ume obesoen kasuan tratamendua ez da farmakologikoa izaten, obesitatearekin batera beste patologiarik ez badago behintzat. Arazoaren konponbidea elikadurako eta bizitzako aztura egokiagoak eta osasuntsuagoak irakastea da, umeari bezala baita bere guraso eta zaintzaileei ere.
"Obesitatea tratatzeko modurik onena" dio Bartzelonako Valle Hebón Ospitaleko Endokrinologia eta Pediatriako aditua den Antonio Carrascola doktoreak, "arazoari aurrea hartzea da, bizitzako lehenengo hilabeteetatik hasita. Ama konturatzen baldin bada, bere seme-alabaren pisua eta taila konprobatu ondoren, neurri estandarretatik desbideratzen hasi dela, orduan komeni da pediatrarekin kontsultatzea, honek elikadurako pauta eta irizpide egokiak eman diezazkion. Beti ere errazagoa eta azkarragoa baita kilo bateko gainpisua zuzentzea, hamar kilogramokoa baino."
BIBLIOGRAFIA:
Aguirre.J.( 1999ko ekainaren 1a). Haurren obesitatea.Zientzia.eus, 1.Honako webgune honetatik berreskuratua: http://zientzia.eus/artikuluak/haurren-obesitatea/
No hay comentarios:
Publicar un comentario