miércoles, 26 de octubre de 2016

Hoy empieza todo filmako hausnarketa

GAUR HASTEN DA DENA:(hausnarketa)

                Zergatik izan nahi genuen irakasle, galdetu zigun  irakasle batek haur hezkuntzako lehenengo egunean. Momentu horretan jakin nuen, nire egun hartako erantzuna landu gabeko buztin zati bat besterik ez zela; eta arrazoi nuen.
                Ikusi berri dugun pelikulan, munduko errealitatearen alderdi gordin bat erakusteaz gain irakaskuntzaren alderik zailena eta mingarrena azaleratzen dela uste dut. Xakeko partida bateko azken jokaldietakoa bezalakoa; piezak urriak direlarik, pieza berriak lortzeko bideak  luzeak bezain oztopoz beteak eta xakeak behin eta berriz eta jokaldi batetik bestera errepikatzen zaizkizunetan bezala.
                Hasteko familiari buruz pentsarazi dit pelikulak, ikustaraziz inpotentziak, porrotez betetako barne eta kanpo borrokak edo behin eta berriz erortzeak dakarren nekeak nola baliogabetu dezakeen pertsona. Baliogabetze hori, ez da hutsa, ez da norabide bakarrekoa, familiari eta bereziki bertako kide txikienei eragiten die gehien bat.
Bertatik beste puntara joan dira nire ideiak, gobernura hain zuzen;  nola da posible, jatera ematen diegun haiek izatea guri gosez hiltzen uzten gaituztenak. Nola litzateke pertsonaren botereak, pertsona bere osotasunean baliogabetzera eramatea eta horren ordez materiala eta prestigioa besterik ez den horri garrantzia ematea? Eta hori gutxi balitz pertsonan sinesten duten bertako langileei eskuak lotuta uztea?
                Bi ertzen artean beti dago erdigune bat, kasu askotan honetan bezala eskola hain zuen ere. Ez dira egoera errazak, baina pelikulan ikusi dudana zera da, tresna egokiak erabiliz gero, aukerak daudela.  Komunikazioa adibidez, mezulari errazak daudelarik, dena errazagoa da. Baina zer egin hau ez denean horrela? Behaketaren garrantzia jaso dut film honetan, eta konturatu naiz hitzez adierazten ez den guzti horrek askotan hitzekin esandakoak baino informazio gehiago daukala. Baina informazioari dagokionez ezin dugu haurrarengandik jasotakoarekin bakarrik gelditu, edozein motatako anomaliaren bat detektatuz gero, bere familiarekin elkar lanean aritzea edo saiatzea ezinbestekoa da; eta premiazkoa ikusten badugu, gizarte zerbitzuekin, izan ere, denetarik dago mundu horretan, baina bere lanean sinetsi eta  haurraren beharrak asetzeko lanean iharduten pertsonak daude bertan, eta kasu askotan guk baino esku hartze handiagoa daukate.
                Hezitzailearen pedagogia eta lan moldeak ere pisu handia dauka, horrelako egoeretan garrantzitsuena behar nagusiak asetzea direla ikusi dut. Bizi iraupena, haurraren ongi izate fisiologiko, fisiko eta emozionala. Haurra osasuntsu ez badago hutsa baita matematikak edo dena delakoa erakusten saiatzea.
                Argi dagoena zera da, familia dela edo izan beharko lukeela haurraren oinarri edo euskarri, baina hala ez denean irakaslearen papera ezinbestekoa dela. Horretarako lanean sinesten duten eta aurre iritzirik ez duten irakasleak behar dira, ikasle bakoitzaren beharrak detektatzen saiatu eta asetzen ahalegintzen direnak hain zuzen.
Askotan ez da erreza, eta saiatuta ere emaitzak beti ez dira espero duguna, baina egiten dugunean sinesten badugu esperantza galdua zuten etxe batzuetan argia jartzeko kapazak izan gaitezke; eta haurrei, purutasunaren pertsonalizazioari arnasa eman, beharrak ase, bizitza emateko kapazak.
                Teoria ederra da, baina pelikulan ikusi dugun bezala, pertsonak nahiz eta bere ekintzetan ontasuna bakarrik gorde, askotan mugatua dago, zer egin orduan? Borrokatu, nire uste apalean galdutzat ematen den hori baita galtzen den borroka.
                Badakit nire buztinari forma eta espresio asko falta zaizkiola, baina horrelakoak ikusi ondotik, geroz eta argiago dut bokaziozkoa dudala irakaskuntza, eta Freirek esaten duen bezala; haurrak ez dira etorkizuna baina bai etorkizunaren eraikitzaileak, eta nik nire baliabideen bitartez nire alea jarri nahi dut, etorkizun hobe batean sinesten baitut.

Amaia Elizagoien Varela.

Bibliografia:

F. Bourboulon. (Little Bear) B.Tavernier (1999) Hoy empieza todo  Francia.


No hay comentarios:

Publicar un comentario