lunes, 17 de octubre de 2016


FRESKATU ZAITEZ!
Tristatu egiten nau jendeak filosofia zein urruneko sentitzen duen pentsatzeak. Badirudi filosofia unibertsitateetan, ia erotzetik oso urruti ez dauden, jakintsu gutxi batzuek egiten duten zera teoriko bat dela eta asko jakin behar dela hari buruz ezer esateko. Baina ez dut uste hori horrela denik, jakin gabe ere denok egiten baitugu filosofia gure baitan kontzientzia dugun lehen unetik. Gezurrak esatea gaizki al dago? Zer da dirua? Zer da 0 zenbakia?… Milaka zalantza sortzen zaizkigu egunero.

Jendeak pentsatzen duenaren kontra, ez dira pertsonarik zahar eta jakintsuenak galdera filosofiko interesgarrienak planteatzen dituztenak. Nire ustetan haurrak dira filosofiarik freskoena egiten dutenak, orijinalenak, naturalenak. Haurrak bai baitu ezer ez dakienaren freskotasun bat, aurreiritzirik gabeko pentsamendu bat, non gauzak gainontzekook ez bezala ikusteko gaitasuna duen. Mundua berak aukeratu bezala ikusteko gaitasuna, bere modu singularrean ulertzekoa.

Filosofo txikiak beldurrik gabe galdetzen du gehien interesatzen zaionari buruz, eta geroz eta gehiago jakin nahi du erakartzen duenari buruz gero. Ez dio inork esan behar zer den ikasi behar duena, bere intuizioari jarraiki, bakar-bakarrik etortzen zaio gehien gustatzen zaionari buruz gehiago ikertzeko gogoa. Horixe da haurrarengan ederrena: erakartzen zaituenari beldurrik gabe heltzea, zergatik erakartzen zaituen axola gabe.

Zer gertatzen zaio gure haserako freskotasun horri baina? Zergatik galtzen du bere indarra? Zer gertatzen zaie haurrei handitzen direnean? Ez dakigu. Ez dakigu, ez delako sekula pasako; haurra ez da egundo heldua izatera helduko. Haurra heldu izatea, etorkizuna oraina izatea bezala delako, etorkizuna beti izango da etorkizuna, noizbait orain izatera heltzen bada, jada ez baita etorkizuna.

Esan nahi dudana da zaharra izateak ez duela esan nahi haur izateari utzi diogunik. Izan gaitezke zaharrak eta izan haurrak aldi berean. Helduak garenean ere, 93 urte dituenak 7 urte ere dituen baten gisan, noizbait izan ginen haur horrek guregan jarraitzen du oraindik. Hasierako freskotasun horrek beti jarraituko du guregan. Mundua gure freskotasunaz blaitu nahi badugu, geroz eta gutxiago erreparatzen diegun barneko intuizioei jaramon gehixeago baino ez diegu egin behar, hortaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario