Sexu erasoak leporatzen dizkioten emakumeak «gezurtiak eta zatarrak» direla adierazi zuen lehengo astean Donald Trumpek. Polemika horri buelta eman guran, agerraldi bat egin berri du Winsconsinen. Diskurtsoaren erdian, non ateratzen duen publikotik oholtzara 5-6 urteko neskatxo beltz bat; besoetan hartu eta «ze polita zaren, ze polita zaren...» esanez. «Zelan daukazu izena?» diotso, «Non dituzu gurasoak? Bai lan ona egin dutena zurekin...». Eta bat-batean, zapla, musu higuingarri bat ematen dio; neskatoak aurpegia erretira. Trumpek, zapla, bigarren saiakera. Haurra berriz apartatu eta keinu desatseginarekin irristatzen da piztiaren besoetatik. Patriarkatuaren alegoria bortitza, otsoari amamaren kamisoiaren azpian atzaparra nabarmendu zitzaionekoa.
Gura nuke jakin neskatoari aita-amek zer esan zioten, zoriondu egin ote zuten ala zigortu, ni neu umetan gogoz kontra musu asko hartu eta emanikoa bainaiz (ni baino handiago, zaharrago eta maiz ezezagunei). Inoren adurrak lehortzeko matrailetatik eskua berehala pasatzen zuenetakoa nintzen eta ondoren sermoia entzuten, halakorik berriro ez egiteko, «edukazio txarrekoa» zela eta. Zenbat pozten naizen orain lantzean guraso bat non sartu ez dakiela ikustean, umeari pa emateko agindu eta txikiak desobeditu diolako. Badute, bai, helduok zertaz lotsa, eta ez, prezisamente, haurren jarreraz.
BIBLIOGRAFIA:
Amuriza, M. (2016-10-20 ). Eman pa. Berria. Honako webgune honetatik berreskuratua:
http://www.berria.eus/paperekoa/1777/020/002/2016-10-20/eman_pa.htm
No hay comentarios:
Publicar un comentario