Egungo Hezkuntza Sistemak ez du lortzen gizarteak espero duen emaitzarik. Batetik, PISAk, Ikasleen Nazioarteko Ebaluazioak, bizitzarako ikasleen prestakuntza maila neurtzen duenak, dio Erkidegoko ikasleen emaitzak ez direla espero ziren modukoak. Bestetik, enpresariek diote gazteek prestakuntza eskasa dutela lanerako, bereziki ardurak hartzerakoan eta egoera berriei aurre egiterakoan, eta unibertsitateari ere leporatzen zaio ezagutza eta esperientzia behar beste ez uztartzea.
Desoreka hori gertatzeko, non egiten du huts sistemak? Zeintzuk dira porrot horren arrazoiak? Gizarte justuago bat lortzeko, galdera horien korapiloak askatzeko eta zehatz erantzuteko, gutxieneko hausnarketa bat egin beharra daukagu norbanako guztiok gizartean gertatzen den desoreka desagertzen joango bada; pertsonekin zerikusia duelako eta egunez egun haustura handitzen doalako. Pobrezia gorantz doa, maila sozialen arteko desberdintasuna gero eta nabariagoa da. Ikusi baino ez dago zeren arabera betetzen diren kaleko espazioak, eskolak, lagunarteak eta etxebizitzak ere aukera dagoenean, eta, gainera, zertan eta zeintzuekin parte hartzen duten batzuek eta besteek.
Beti pentsatu izan dugu heziketaren baliorik handiena ezberdintasunak leuntzea dela, baina aurkitzen dugun errealitateak justu kontrakoa erakusten digu. Zein da, bada, ezarri nahi diren errebaliden xedea, elitismoa indartzea ez bada? Aipa ditzagun datu batzuk, batez ere eskola eta heziketarekin lotutakoak.
Hasteko, momentu honetan oso nabaria delako, etorkinen eskolatzean gertatzen den desoreka, kanpotar gehienak eskola jakin batzuetara joaten dira, eta bertako gehiengoaren joera etorkinengandik aldentzea da. EAEn ghettoak sortzen ari gara inongo zirrararik sentitu gabe. Gogora nola erantzun zion Maialen Lujanbiok gai-jartzaileari «zerk ematen zion min» galdetutakoan: «min ematen dit besteen minak minik ez emateak».
Jarraitzeko, aipatu ditugun eta handituz doazen jatorrizko maila sozioekonomiko desberdinen aurrean azpimarratzekoa da espektatiba falta; horren adierazle dugu, igaro berri diren hauteskunde—kanpainan alderdiek beren programetan ezer gutxi idatzi izana hezkuntzari buruz esaldi honetatik at: «LOMCEri ez» eta orokorkeriren bat. Egoera bakoitzari sendo eta benetan erantzun ahal izateko, nabaria da tokiko proiektuen gabezia, agintarien lidergo ezaren eta gainontzekoon inplikazio urriaren ondorioz. Zer herri eredu nahi dugu? Zeintzuek osatzen dugu herria? Non eskolatzen dira haur guztiak? Zer egiten dute elkarrekin? Zer egiten dute banatuta? Zeintzuk dira joerak? Nola sustatu guztion partaidetza? Edo benetan uste dugu eguneroko bizitzan etorkinekin eta maila sozial apalekoekin kontakturik izan ez duena etorkizunean alkate edo ikastetxeko zuzendari egokia izateko prestatuta dagoela? Edo, lan berbera egiteko, egokia izan daitekeela, EAEn bizi arren, bertakoekin kontakturik izan ez duena?
Beste datu esanguratsu batzuk aipatzea ere merezi du, gure ustetan, Hezkuntza Legeen etengabeko erretailak eta irakasleriaren artean berrikuntza bermatzen laguntzen ez duen hasiera-hasierako formazioarekiko amaiezineko inertzia.
Gaur egungo gizarteak egoera oso konplexuari erantzun behar dio: familia eredu desberdinei, hizkuntza ugariri, leku askotako biztanleen kultura eta ohiturei, egungo lan kontzeptuari, teknologiaren garapenari, eta hori guztia gizon eta emakumeen arteko berdintasunari lekua eginez.
Proiektuak elkarrekin eraikita bakarrik bermatuko dugu elkarrekin bizitzen dakigula. Horretarako, tresnarik garrantzitsuena heziketa da, baina, darabilgun paradigmak lehengo gizarteari begiratzen dionez, paradigma berri baten beharrean gaude. Paradigma horrek etorkizuneko gizartea eta egungo ikaslea izango ditu abiapuntu, eta horren adierazlerik nabarmenenak ikusiko ditugu eskola-komunitatea, eta gizartea, oro har, kontziente egiten direnean pertsona hezten duena ikusten eta bereziki egiten duen guztia dela, nonahi ikasten delako. Hortaz, legeak, proiektuak, plangintzak eta ebaluazioa ikasleen beharretan oinarritu behar dira nahitaez, argi utziaz jarduera eta erabaki bakoitza zer, noiz, norekin, nola, zergatik eta zertarako den.
Horrela ziurtatuko dugu bizitzarako benetako heziketa, ezagutza bermatzen duen zientzia aplikatuz, etikarekin eta balioekin lotuta doan teknologia praktikan jarriz eta, azkenik, gizartea osatzen dugunok elkarrekin bizitzeko gai garela erakutsiz.
Gizarte berriak eskola berria behar du.
BIBLIOGRAFIA:
Abasolo.R eta Lopez de Muniain. J. (2016/10/15) .Nolako gizartea halako hezkuntza. Berria aldizkaria.Honako webgune honetatik berreskuratua:
http://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2016-10-15/nolako_gizartea_halako_eskola.htm
No hay comentarios:
Publicar un comentario